Ludoteka Gargarintxo

Gargarintxo Ludoteka 4-12 urte bitarteko haurrei zuzendutako espazioa da eta bere helburu nagusia Esteribarko herri desberdinetako haurrei aisialdian elkartzeko eta gozatzeko toki egokia eskaintzea da, beti lagun izanen duten hezitzaile baten ardurapean. Garu egun bi egoitza ditu: bata Zubirin kokatua dagoen kiroldegiaren barnean eta bestea Ollokiko Gizarte Etxearen areto batetan.

Haurren irudimena askatu, jakin-minak asetu eta benetan interesatzen zaien hori jarraitzeko xedearekin diseinatutako espazioak dira eta bertan hainbat jarduera burutzen dira.

Metodologia aktibo eta partehartzailea bultzatzen dugu, beti ere ikuspuntu ludiko batetatik eta behatzearen garrantzia ahaztu gabe. Kalitate praktiko eta pedagogikoko materialek, espazioaren banaketak eta askatasuna eta errespetua bultzatzen duen metodologiak kalitatezko JOLAS LIBREA bermatzen dute. Honetaz gain, zuzendutako jolasak, eskulanak, tailerrak… ere egiten ditugu.

Ludoteka zerbitzua 1997. urtean jarri zen martxan Esteribarren eta, noski, aldaketa aunitz jasan ditu ordundik honat: Leku aldatzeak, erabiltzaile kopurua, materialak, jarduerak… Beti zerbitzua hobetzeko eta txikien eta haien familien beharrak asetzeko asmoarekin lan egin dugu eta hala jarraituko dugu aurrerantzean ere.

Imagen General Ludoteca

Gargarintxo Ludotekak Mankomunitateko Gizarte eta Kultura Eragileak, Gizarte Hezitzaileak eta Euskara Teknikariak bultzatuta 1997. urtean hasi zuen bere ibilbidea. Esteribarko haurrei elkartzeko leku bat eskaintzeko helburuarekin jaio zen eta hasierako urteetan Zubiriko Betargiko hirugarren solairuan kokatu zen. Bertan, hainbat material, jolas eta jostailu zeuden eta hezitzaile bat lagun, bailara osoko adin desberdinetako haurrak elkartzen ziren, bakoitza bere ludotekako karnetarekin sartzen zelarik. Garai hartan, ludoteka astean hiru egunez irekitzen zen ikasturtean zehar.

2003. urtean Esteribarko kiroldegia eraiki zen eta ludoteka bertara lekualdatu zen. Ludotekaren ordutegia zabalduz joan zen eta oporraldietan kanpaldiak antolatzen hasi ziren. Egun berezietan ere festa edota emanaldiak egiten ziren: urte amaierako festa, Olentzero, antzerki edota dantzaldiak…

2018. urtean ondoan zuen turismo bulegoa lekualdatzearekin batera, ludoteka handitu egin zen eta gaur egun duen itxura hartu zuen.

Aipatzekoak dira 2019. urtean, haurren banaketa demografikoari eta familien kontziliazio beharrei so eginez, kanpaldien antolaketan egindako aldaketak. Ordurarte udako kanpaldiak abuztuan izaten ziren, bi txandatan banaturik, 10:00etatik 14:00etara, Zubirin. 2019ko udan hainbat berrikuntza egin ziren. Alde batetik, astebeteko txandak eskaini ziren eta ordutegia zabaldu egin zen, sarrera eta irteera malgutuz. Bestalde, kanpaldiak Esteribarreko beste herri batzuetara ere zabaldu ziren, Eugi eta Ollokira, hain zuzen ere, eta jarduera desberdinak txertatu ziren, igeriketa ikastaroak, esate baterako. Horretaz gain, herri desberdinetako haurrak kanpaldietara eramateko garraio zerbitzua eskaintzen hasi zen. Guzti honek parte hartzaile kopuruaren igoera nabarmena suposatu zuen eta ikasturtean zehar antolatutako beste kanpaldietan ere aipatutako berrikuntza hauek txertatu ziren.

Guzti honetaz gain, 2020. urteaz geroztik, ikasturtean zeharreko ludoteka zerbitzua Ollokira ere zabaldu da. Gizarte-etxeko gela batean ludotekarentzako txokoa sortu da eta hezitzaile baten konpainian, Ollokiko haurrek bertan elkar ezagutzeko eta jolasteko aukera dute.

Gaur egun, Gargarintxo Ludoteka hasieran aipatutako elkartzeko lekua baino askoz gehiago dela esan dezakegu. Interakzio gune da, haurrek jokoaren bitartez ezagutzak, esperientziak eta ideiak partekatzeko lekua, elkar ezagutzeko tokia eta aisialdiaz askatasunez gozatzeko espazioa. Ludotekak haurren garapen integralean laguntzea du helburu eta elkartasuna, berdintasuna edota kooperazioa bezalako baloreak sustatzen ditu. Guzti hau haurren hizkuntza-eskakizunen arabera, euskaraz edota gazteleraz egiten da, betiere ludotekak euskararen normalizazioan eta hizkuntzaren erabilpenaren sustapenean duen garrantzia aintzat harturik.

Esteribarren oso errotuta dagoen zerbitzua da, asko eta asko baitira urte guzti hauetan zehar ludotekatik pasa diren haur eta gazteak, bakoitzak bere aletxoa utzi duelarik.

Jolas, dibertimendu eta adiskidantzaz beteriko ibilbidea jarraituz gure Gargarintxo 25 urte betetzera iritsi da. Hori ospatzeko 2022 urtean zehar hainbat ekimen burutu ziren: jaiak, argazki erakusketak, bideo proiekzioak… Gainera, logoa berritu eta gure pertsonaia jostariaren inguruko ipuintxo eta abestia sortu ziren, besteak beste.

Ikasturtean zehar arratsaldeko ludoteka zerbitzua eskaintzen dugu bai Zubirin eta baita Ollokin ere.

ZUBIRI

Astelehenetik ostiralera. Adinaren araberako hiru talde banatzen ditugu eta talde bakoitzak bere ordutegia du. Taldeak izen-emateen arabera antolatzen dira proportzio egokia bermatuz.

  • Txikien taldea: Astelehena, asteazkena eta ostirala 16:30-etatik 18:00etara.
  • Ertainen taldea: Astelehena, asteazkena eta ostirala 18:00etatik 19.30etara.
  • Handien taldea: Asteartea eta osteguna 16:30etatik 19:30etara.

Izen-emate epea ekainean izaten da.

OLLOKI

  • Astelehen, asteazken eta ostiralak 17:00etatik 19:etara.

Izen-emate epea ekainean izaten da.

Ikasturteko oporraldietan garaian garaiko programazio bereziarekin Herri Kanpaldiak antolatzen ditugu. Kanpaldi hauek lana eta familia bateragarri egiteko laguntza izateaz gain, 4-12 urte bitarteko haurrei beren ikaskuntza modu ludiko batean garatzeko ingurune programatua eskaintzen diete.

  • Eguberritako Kanpaldia.
  • Inauteritako Kanpaldia.
  • Aste Santuko Kanpaldia.

Esteribarrek duen zabalera handiari erantzunez, kanpaldi hauek gai eta kokaleku desberdinak dituzte (Zubiri, Eugi eta Olloki) eta aukerazko garraio zerbitzua eskaintzen dute. Gainera, sarrera eta irteerarako ordutegi malgua dute (sarrera 8.30etatik 10.00etara eta irteera 14.00etatik 14.30etara), familia bakoitzaren beharretara egokituz.

Hizkuntzari dagokionez, begiraleak beti elebidunak dira (Euskara-Gaztelera) eta taldearen errealitate sozio-linguistikora egokitzen dira. Euskarazko murgiltze kanpaldiak ere antolatzen ditugu.

Kanpaldi bakoitzean izena emateko epea hilabete lehenago zabaltzen da.

Gargarintxo Ludotekatik antolatutako jardueren artean Udako Kanpaldiek harrakasta handia dute. Oporraldi luze honetan kanpaldi hauek lana eta familia bateragarri egiteko laguntza izateaz gain, 4-12 urte bitarteko haurrei beren eskola kideekin edo bailarako beste lagunekin berriz ere elkartzeko aukera ematen diete. Gainera, astebeteko txandak izanik, gai eta kokaleku desberdinak eskaintzen ditugu: Zubiri (igeriketa ikastaroarekin), Eugi (natura eta mendi-ibiliak) eta Olloki (hiri-kulturala).

Esteribarrek duen zabalera handiari erantzunez, kanpaldi hauek ere, aukerazko garraio zerbitzua eskaintzen dute. Gainera, sarrera eta irteerarako ordutegi malgua dute (sarrera 8.30etatik 10.00etara eta irteera 14.00etatik 14.30etara), familia bakoitzaren beharretara egokituz. Hizkuntzari dagokionez, begiraleak elebidunak dira (Euskara-Gaztelera) eta taldearen errealitate sozio-linguistikora egokitzen dira.

Udako Kanpaldietarako izen-emate epea maiatzean izaten da.